XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Non da aita?- galdetu zuen berriro.

Bere anaiek arroz-soroetara eta ibaira begiratzen zuten hitzik esan gabe.

Eta berriro galdetu zuen Pulik bere aitaz; baina oraingoan era honetan: - NON DA GURE AITA?.

Orduan anaiek baso heze eta ilun hartara begiratu zuten, elkarri begiratu zioten eta, azkenean, anaia zaharrenak esan zion: - Han geratu zen.

- Aspaldian itzulia behar zuen - esan zuen bigarren anaiak.

- Zer edo zer gertatuko zitzaion - esan zuen hirugarrenak.

- Hila izango da - esan zuen laugarrenak.

- Bestela honez gero etxeratua zen - esan zuen bostgarrenak.

- Aurkitu ahal bageneza! - egin zuen seigarrenak.

- Oihana oso zabala da. Non saiatu bila? - esan zuen zazpigarrenak.

Orduan anaia zaharrenak esan zuen: - Ikusi nuen nik irten zenean. Gogoan dut bide hartatik joan zela. Jarrai ditzagun haren urratsak, ea zortea dugun.

Hala, Ogalussaren zazpi semeak, beren armak hartu eta, aitaren bila abiatu ziren.

Puli ez zen eurekin joan, oso txikia bait zen eta apenas zekien hizketan.

Zazpi anaiak oihan heze eta hertsian barneratu ziren.

Ezker-eskuin egundoko zuhaitz-tantaiak zeuzkaten zerurainoko adar erraldoiekin, (...).